Prentsa Aretoa

2022/10/19

EAJ-PNVren ekimenez, etxeko langileen lan-baldintzak parekatzeko neurriak hartzeko eskatu dio Senatuak Espainiako Gobernuari

Nerea Ahedoren ustez, irailaren amaieran baliozkotutako dekretua “norabide onean doa”, baina kolektibo horren “prekarietatearekin eta diskriminazioarekin amaitzeko urratsak ematen jarraitu behar” dela egiaztatu du

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Euskal Talde Parlamentarioaren ekimenez, Senatuak etxeko langileen lan-baldintzak eta Gizarte Segurantzakoak modu errealean pareka daitezen zenbait neurri har ditzala Espainiako Gobernuari eskatzea onartu du gaur ia aho batez –Voxek aurka bozkatu du-. Nerea Ahedo senatariak onartu berri den 16/2022 Lege Dekretua “norabide onean” doan aurrerapauso bat dela esan du, baina “prekarietatearekin eta diskriminazioarekin amaitzeko urratsak ematen jarraitu behar dela” egiaztatu du, “arlo guztietan erabateko parekatzea lortzeko oraindik landu beharreko puntuak daudelako”.

Helburu horretan, jeltzaleen mozioak %95ean emakumez (horietatik %44 migratzaileak eta, hein handi batean, administrazio-egoera irregularrean) osatutako kolektibo baten bost eskaera nagusiak aplikatzeko agindua ematen dio Espainiako Gobernuari. Horrela, Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrarekin parekatzeko premia adierazten du, erregimen berezian jarraitzen baitute. Halaber, langabezia-prestazioa ordaintzeko garaian, aurreko kotizazio-aldiak kontuan hartzea eskatzen du, nahiz eta ez izan kontzeptu horrengatik. “Urriaren 1etik aurrera horretara behartuta egon arren, orain arte ezin zuten kontzeptu horrengatik kotizatu, eta urtebetez kotizatu beharko lukete eskubide hori eskuratzeko”.

Aurrerantzean kaleratzeko motiboak behar izatea positibotzat jo ondoren, kalte-ordainak gainerako langileenak baino txikiagoak izatea deitoratu du, eta, beraz, batzuk eta besteak parekatzea eskatu du. "Langile horiek kaleratzea merkea da oraindik", adierazi du Ahedok, eta gogorarazi du urte bakoitzeko 12 egun ordainduko direla, 6 hilabeteko mugarekin; besteren konturako langileei, urteko 20 egun ordainduko zaizkien bitartean, 12 hilabeteko mugarekin. Horrez gain, gaineratu du enplegu-emailearen heriotzagatiko kalte-ordainak (kontratua amaitzeko arrazoi ohikoenetako bat) txikiagoak direla, eta hilabete baino ez direla ordaintzen, lan egindako denbora edozein izan dela ere. “Hori ez da bidezkoa; zerbitzua benetan eman den urteak kontuan hartu beharko lirateke”.

Jeltzaleen ekimenak, halaber, barneko langileen gau-erregimena arautzea eta kotizazio-baldintzak berrikustea eskatzen du. Erantzukizun horiek ia guztiak egoera irregularrean “eta prekarietate handieneko baldintzetan” dauden emakume migratuek betetzen dituzte, eta horrek erabateko prestasuna eskaintzera eramaten ditu, eta haien atsedenaldiak oso gutxitan errespetatzen dira. Puntu horrekin lotuta, eskubiderik gabeko kontratazioa eta etxeko eta zaintzako enpleguan aritzen diren emakume migratuen prekarizazioa ahalbidetzen duen atzerritartasun-erregulazio guztia ezabatzea ere eskatzen da. “Besteak beste, bizileku- eta lan-baimenak eskuratzeko aukera berrikusi beharko genuke”, amaitu du senatariak.

Ezagutu Gure Senatariak