Prentsa Aretoa

2023/05/16

Maribel Vaquerok Euskadiko aldiriko tren zerbitzuen arazoak konpondu gabe jarraitzea aurpegiratu dio Garraio ministroari

Gogorarazi dio Raquel Sánchez ministroari oraindik ez direla hobetu Bilbo-Karrantza eta Irun-Brinkola lineak, eta Irisgarritasun Plana ez dela aurkeztu

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

EAJ-PNVko Maribel Vaquero senatariak Euskadin aldiriko tren-zerbitzuen erabiltzaileen beharrizanak konpontzeko aurrerapenik egin ez izana aurpegiratu dio Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministroari. Gaur arratsaldeko kontrol saioan, Vaquerok Raquel Sanchez ministroari argitu dio joan den astean EAJ-PNVk gaitzespenari uko egin bazion ere, “horrek ez duela esan nahi bere kudeaketa positiboki baloratzen dugunik”; izan ere, gehitu dio “paparra ateratzeko modukoa ez dela”. Senatariaren ustez, “zerbitzua txarra bada, ez da zerbitzua”, eta ministroari ohartarazi dionez “hobekuntza horiek eskatzen jarraituko dugu, transferentzia eskualdatu arte zurea delako erantzukizuna”.

Horrela, Euskal Taldeko ordezkariak Bilbo-Karrantza linearen egoerari heldu dio berriro. Orain urtebete galdetu zion horri buruz, eta elektrifikazio-lanak hasi direla onartu arren, 2022ko aurrekontu-akordioa haratago zihoala gogoratu dio. “Zerbitzuak indartzea adostu genuen. Horren arabera, zerbitzu publikoaren maiztasuna handitzeko berrikuspen bat egingo zen, eta Renferekin egindako kontratuaren gastu-muga handitzeko aukera ere jaso zen”. Era berean, Irun-Brinkola linean hirugarren erraileko obrek sortutako zailtasunak arintzeko jarduketa-planik gabe jarraitzea ere aurpegiratu dio. “Atzerapenak, zerbitzuak bertan behera uztea, informaziorik eza etengabea da oraindik. Eta beldur gara egoera horrek okerrera egingo duela Irungo geltokian obrak hastearekin batera. Horregatik, aurreikuspen eta neurri aringarri gehiago eskatzen ditugu”.

Azkenik, Vaquerok deitoratu egin du Renferen 2020-2028 Irisgarritasun Planaren berririk gabe jarraitzea, Ministerioak Senatuan aurkezteko duen betebeharra bete gabe, Ganberako Taldeek aho batez hartutako erabakiak ezartzen duen bezala. “Akordio horretara iritsi ginen Euskaditik doazen trenak irisgarriak izatea eskatu genuen osoko bilkura batean, eta gaur egun oraindik ez dira irisgarriak; mugikortasun-arazoak dituzten pertsonek, María Luisa Goikoetxea onduñarrak kasu, arazorik gabe bidaiatu ahal izateko”, amaitu du.

Ezagutu Gure Senatariak