Prentsa Aretoa

2023/10/19

María Dolores Etxanok salatu du PPk Senatuaren erabilera alderdikoia egiten duela amnistiari buruz eztabaidatzeko eta gobernu akordioetan eragiten saiatzeko

Autonomia Erkidegoetako Batzordeko bozeramaileak gaurko bilkuran jakinarazi duenez, funtzio horiek “ez dagozkie eta ez dira eskumena” erkidegoetako presidenteena, eta ez dira batzordearen araudian jasotzen

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

EAJ-PNVk Alderdi Popularrak erakundeak alderdikeriaz erabiltzen dituela salatu du, Senatuan duen gehiengo osoa Autonomia Erkidegoen Batzorde bat behartzeko eta erkidegoetako presidenteak deitzeko erabili duelako, amnistiari buruz eztabaidatzeko edo balizko gobernu akordioetan eragiten saiatzeko, "ez dagokienean eta ez direnean bere eskumenekoak", Maria Dolores Etxano batzorde horretan bozeramaile jeltzalea denak adierazi duenez. Gaurko hitzorduaren helburua PPren "haserrealdian" kokatu du senatariak, Alberto Nuñez Feijóok Espainiako Gobernuko presidente izateko babesik lortu ez duelako, eta berriz ere helarazi die "eztabaida politikoa PPk gobernatzen dituen autonomia erkidegoek Ganbera honetatik gidatzen dutela ikusarazten saiatu arren, benetako eztabaida politikoa inbestidurarako negoziazioetan dagoela, non, min ematen badie ere, subiranistek, independentistek eta abertzaleok parte hartzen dugun".

Hala, Núñez Feijóok inbestiduran jaso zuen porrotaren eta Pedro Sanchezen inbestidurarako balizko akordioaren aurrean Alderdi Popularreko ordezkari instituzionalak ematen ari diren erantzuna "gero eta arduragabeagoa" dela kritikatu du: "Kalea astintzen duzue protestara deituz, konfrontazioa eta polarizazio soziala bultzatuz". Horren aurrean, beste behin ere, Etxano prest agertu da EAJ-PNV Kataluniako gatazka desjudizializatzeko eta bizikidetza eta kohesio soziala eraikitzen eta finkatzen lagunduko duten akordioetan lan egiteko. "Eskaintzen duzuen judizializazioaren aurrean, guk elkarrizketa proposatzen dugu; inposizioaren aurrean, negoziazioa; tentsio sozial eta instituzionalaren aurrean, eztabaida lasai eta eraikitzailea. Eta inork ez dezala zalantzarik izan EAJ-PNVk euskal Nazioa aitortzearen alde lanean eta exijitzen jarraituko duela ", azpimarratu du.

Euskal Taldeko bozeramaileak deitoratu egin du PPk berdintasun konstituzionalaren printzipioa eskatu izana "erabateko uniformizazioa lortzeko helburuarekin; esan genezake Konstituzioaren aurkakoa den zerbait nahi duzuela", kontuan hartu gabe "Konstituzioak berak nazionalitateak eta erregioak bereizten dituela, eta Lehen Xedapen Gehigarrian foru lurraldeetako Eskubide Historikoak babesten dituela, aldebikotasuna aitortuta dagoela Euskadiren eta Nafarroaren finantza- eta zerga-harremanetan. Baina Konstituzioaren zati hori ez zaizue interesatzen", gaineratu du. Izan ere, jakinarazi duenez, Estatuko alderdiek Estatua ulertzeko eta Konstituzioa interpretatzeko duten modu horrek "ekarri ditu orain konpondu behar ditugun gatazkak, Kataluniako gatazka desjudizializatzea ez ezik, lurralde-ereduaren eztabaidari eta Estatuaren plurinazionaltasunaren benetako aitorpenari ere heltzea, eta hori, gure ustez, posible izango litzateke hain zentralista ez den Konstituzioaren interpretazio baten bidez, Estatuan dauden nazioen errealitatearekin hobeto bat datorrena. 78an egin ez zena, baina orain posiblea ez ezik beharrezkoa ere badela ulertzen duguna".

Erkidegoen finantzazio sistemei dagokienez, Maria Dolores Etxanok berriro ukatu du Kontzertu Ekonomikoa eta Kupoa "inolako pribilegioa" direnik, eta “diferentzia bat aitortzea desberdintasunaren parekoa denik”, pribilegioaren eta eskubidearen arteko diferentzia azpimarratuz. "Kontzertua eta Kupoa Estatuarekin dugun zerga- eta finantza-harremanak arautzen dituen eskubidea dira; 800 urte baino gehiagoko antzinatasuna dute, eta kontzertu eta kupo bezala ia azken 140 urteak daramatzate". Azkenik, nahiz eta Euskal Talde Parlamentarioak araubide komuneko erkidegoen finantzaketa-sistemari buruz ez eztabaidatzeko duen ohiturari heldu -eskumenak errespetatzeagatik-, Etxanok 2009ko Autonomia Erkidegoen Finantzaketari buruzko Legean hartutako konpromisoa betetzeko eskatu du; hain zuzen ere, bost urtean behin berrikustea, baina 2014tik formalizatu ez dena. "Eredua berrikusteari ekin behar zaio, autonomia-erkidegoei beren eskumenekoak diren funtsezko zerbitzu publikoei eraginkortasunez erantzuteko aukera emango dien sistema baterantz, hala nola osasunari, hezkuntzari edo gizarte-zerbitzuei".

 

Ezagutu Gure Senatariak