Prentsa Aretoa

2023/11/28

Alderdi Popularrak Senatuaz egiten duen "instrumentalizazioa" kritikatu du María Dolores Etxanok

Autonomia Erkidegoen Batzordeak amnistiaren legeari buruzko mozioa osoko bilkurara eramatea onartu duela salatu du, "bere eskumeneko gaia ez denean"

rss Ezagutzera eman
Alderdi Popularrak Senatuaz egiten duen

ARGAZKIA JAITSI

Euskal Talde Parlamentarioak errefusatu egin du, Senatuko Autonomia Erkidegoen Batzordean, PPren mozio bat osoko bilkurara eramatea, amnistiaren legeari buruzko hainbat gogoeta helarazteko. Maria Dolores Etxano bozeramaile jeltzaleak azaldu duenez, "edukiarekin erabat ados ez egoteaz gain, gai hauek ez dira Batzorde honen eskumenekoak". Beste behin, EAJ-PNVk kritikatu egin du Alderdi Popularrak Senatuaz eta, kasu honetan, Batzorde honetaz egiten duen "instrumentalizazioa". "Zuen proposamena PPko autonomia-erkidegoetako presidenteek joan den hilean Batzorde honetan helarazi zutenaren laburpena baino ez da, eta amnistiari buruz eta alderdi politikoek PSOErekin lortutako akordio legitimoei buruz duten irizpidea eta iritzia onar dezagun nahi duzue". 

EAJ-PNVko bozeramaileak deitoratu egin du auzi politikoen judizializazioa eta Zigor Kodearen gogortzea "Alderdi Popularrak proposatzen duen errezeta izaten jarraitzea", eta, aitzitik, Kongresuan izapidetzen ari den amnistia legearen "legezkotasuna eta abagune politikoa" defendatu ditu. "Gure ustez, aukera emango du gatazka berrabiarazteko eta negoziazio- eta akordio-dinamika batean bideratzeko, inoiz aterarazi behar ez zen dinamika batean".

Iritzi horretan sakonduz, Etxanok agerian utzi du, hain zuzen ere, Estatua ulertzeko eta Estatuko alderdiek Konstituzioa interpretatzeko modu horrek ekarri dituela "orain konpontzen saiatzen ari garen gatazkak, Kataluniako gatazkaren desjudizializazioari eta lurralde-ereduaren eztabaidari eta Estatuaren nazioaniztasunaren benetako aitorpenari helduz". Horretarako, Konstituzioaren interpretazio "ez hain zentralista eta Estatuan dauden nazioen errealitateekin bat datorrena" egitea eskatu du. "Horrela aitortu beharrean, uniformizatu egin nahi duzue, berdintasun konstituzionalaren printzipioa aitzakiatzat erabiliz; Konstituzioak berak bereizten ditu nazionalitateak eta erregioak. Ez dago desberdintasun handiagorik desberdinak berdinak egitea baino", amaitu du.

Ezagutu Gure Senatariak