Prentsa Aretoa

2023/12/19

María Dolores Etxanok nazioarteko beste batzorde batzuekin bat egiteko deia egin dio Espainiako Gobernuari, Paralimpiadetan Down sindromearen kategoria propioa sortzeko helburuarekin

Agerian utzi du kategoria generiko batean lehiatzeak desabantaila argia dakarkiela. "Ulertzen erraza den zerbait eskatzen dute; eskubide-kontua da, justizia-kontua"

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

EAJ-PNVko Maria Dolores Etxano senatariak nazioarteko beste batzorde batzuekin elkarlanean aritzeko deia egin dio Pilar Alegria ministroari, Nazioarteko Batzorde Paralinpikoak Down sindromea duten pertsonentzako kategoria berezi bat sar dezan Paralimpiadetan. Gaurko kontrol saioan, ordezkari jeltzaleak kirolari horiek urteetan zehar lortu nahi duten aldarrikapen hori helarazi dio berriro kirol karteraren arduradunari. "Espainiako Batzorde Paralinpikoa ez da kategoria hori defendatzen duen bakarra, agian beste komite batzuekin elkarlanean lan egitea da helburua Nazioarteko Batzordeari proposamen komun bat eramateko, jaso diren erantzun ez oso argiak gainditzeko, ‘arrazoi teknikoak’ edo ‘aztertzen ari gara’ argudiatuz”.

Etxanok bere konpromisoa eskatu dio berriro Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kiroletako ministroari, bere garaian Rodriguez Uribes eta Iceta ministroek Euskal Taldeak bultzatutako ekimenen aurrean erakutsi zuten bezala, eskari hori Nazioarteko Batzorde Paralinpikoari helarazten jarrai dezan. Helburua da kategoria generiko batean egoteak pertsona horiei dakarkien diskriminazioarekin amaitzea, horrek ia ezinezko egiten dielako Jokoetan parte hartzeko behar diren markak eskuratzea.

"Atletismoan duten kategoria funtzionalak, T21, ez du lekurik Joko Paralinpikoetan; T20 sailkapenean egin beharko lukete, desgaitasun intelektualekoa", azaldu du Etxanok. “Ulertzen erraza den zerbait eskatzen dute: ez da mesedea, eskubide-kontua da, justizia-kontua. Eurek badakite lehiatzeko markak egiaztatu behar dituztela, eta hala egiten dute, baina badakite euren kategorian lehiatu behar dutela, baldintza berdinetan lehiatzeko eta kalte egiten dieten antzeko beste kategorietan parekatu gabe".

Etxanok gogorarazi du eliteko kirolariak direla, munduko txapelketetan edo Europakoetan lehiatzen direnak, euren markak egiaztatuta dauzkatenak, eta Paralimpiadetan lehiatu litezkeela sailkapen espezifiko hori balego. "Gobernuari interpelatu genion lehen aldian, 2020ko abenduan, Mikel García Agirrezabal edo Blanca Betanzos kirolariek bazekiten ezingo zutela Tokio 2020an parte hartu, eta itxaropen osoa jarri zuten Paris 2024ra iristeko. Gaur euren markak egiaztatzen jarraitzen dute, eta berriz ere Pariseko aukera urruntzen ikusten dute; lanean jarraitu behar da Los Angeles 2028an benetakoa izan dadin ", amaitu du.

Ezagutu Gure Senatariak