Prentsa Aretoa

2015/12/09

Aitor Estebanek oroimen historikoari buruz baieztatu duenez, “asko dago argitara ateratzeko eta benetako jabeei itzultzeko”

Kongresurako berraukeratzera aurkezten den hautagai jeltzaleak iragarri du hurrengo legealdian fase berria aldarrikatuko duela “partikularrek, elkarteek eta alderdi politikoek berena dena eta ez batzuek oraindik gerrako harrapakin jotzen dutena eskatu ahal izan dezaten”

rss Ezagutzera eman
Aitor Estebanek oroimen historikoari buruz baieztatu duenez, “asko dago argitara ateratzeko eta benetako jabeei itzultzeko”

ARGAZKIA JAITSI

Aitor Esteban, abenduaren 20ko hauteskundeetarako EAJ-PNVren Bizkaiko zerrendaburua eta berraukeratzerako hautagaia, Artxandan izan da gaur goizean ‘Aztarna’ eskulturaren aurrean, oroimen historikoaz eta “herri honi berea dena itzultzeko beharraz” hitz egiteko. Gaurko ekitaldian, Estebanek iragarri du hurrengo legealdian EAJ-PNVk aldi berria zabaltzea aldarrikatuko duela “partikularrek, elkarteek eta alderdi politikoek berena dena eta ez batzuek oraindik gerrako harrapakin jotzen dutena itzultzea eska dezaten”. Azken finean “asko dago egiteko eta, batez ere, asko dago ateratzeko eta benetako jabeei itzultzeko”, esan du. “Lan hau ez dago amaituta. Eta EAJ-PNVk hitza ematen du lan honetan aurrera egiteko ahaleginari ekingo diola”, ezarri du.

Berraukeratua izateko aurkeztuko den hautagaiak azaldu duenez, Oroimen Historikoari buruzko Legea “ez da perfektua, baina ez da txarra”, “baina arazoa da legeak betetzeko egiten direla; borondatea eta ekimena behar dira”, eta salatu du azken lau urteotan Alderdi Popularrak ez diola legeari “kasurik egin”. Azaldu duenez, espainiar Gobernuak “beste behin ere,  legea urratzea baino ez du egin”. Esate baterako, “gai horietaz arduratzen zen bulegoa kendu du eta oroimen historikoarekin zerikusia duten gaiei ekiteko aurrekontua ezabatu du”. Horren aurrean, Estebanek gogora ekarri du eta azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak arlo honetan egin duen lana. “Bulego berezia daukagu gai hauetarako. Betidanik sentsibilitate berezia eta oso gizarte zibil konprometitua egon da” azpimarratu du. Bereziki azpimarratu du Paco Etxeberria antropologoak eta Aranzadi Zientzia Elkartearen presidenteak egin duen lana, “bere lantaldearekin batera, bera izan da Euskadi eta Estatu mailan, gorpuzkiak, hobiak eta bestelakoak aurkitzeko estandarrak ezarri dituena”.

“Garrantzitsua da gure senide eta maiteen gorpuzkiak berreskuratzea” azpimarratu du, eta era berean kritikatu du Estatuko hainbat tokitan oraindik ez dela hobi komunen mapa amaitu eta udal batzuek uko egin diotela hobiak zabaltzeko baimenak emateari, edo “legeak hala agindu arren, golpisten izenak daramaten plakak eta 1936ko estatu kolpeko pertsona nabarmenen eskulturak eta irudiak” daudela hainbat herri eta hiriburuetan. “Halakorik pentsa liteke Alemanian? Seguru ezetz, onartezina izango litzateke“, esan du.

Era berean, agiriak ekarri ditu gogora “Oroimen Historikoaren Legearekin zabalduko ziren agiriak, baina oraindik  ikertzeko muga batzuk daude”. Agiriak ikusi ahal izateari dagokionez, Aitor Estebanek gogoratu du Estatuan indarrean dirauela oraindik Sekretu Ofizialen legeak “Francoren denborakoa” (1968)  eta eragotzi egiten du ikertzea “edozein beste Demokrazia batean ikusteko interesa izan zezaketen guztiek ikusteko moduan egongo liratekeen agiriak”. “Eta, nola izan daiteke Eusko Jaurlaritzaren agiriak, Errepublika garaian zilegitasun osoa zuen gobernu baten agiriak, oraindik Salamancan egotea eta jatorrizko agiriak ez itzultzea? Gerrako harrapakinak ote dira?  Eusko Jaurlaritza badago, hori da bere benetako jabea” esan du. Era berean, Legioaren museoetan gordetzen diren ikurrinak itzultzea eskatu du “zer diren azaltzeko orduan esaten dute  gorri-separatisten hordei kendutakoak direla. Bandera batzuk ditugu, ez dira batailoienak, gure batzokietakoak dira, Gautegiz-Arteagakoa, esaterako, eta Salamancako agiritegian daude. Nork eraman ditu hara?“.

Hitz gogorrak ere izan ditu PSOErentzat. Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak azaldu duenez, Catalunyako Generalitat-ari agiriak itzultzeko legea onartu zenean, klausula bat sartzea lortu zen, pertsona juridiko eta fisikoek urte beteko epean  beren senideenak edo eurenak  izan ziren objektuak, eskutitzak eta agiriak eskatzeko aukera izan zezaten. “Baina inor ez zen horretaz enteratu Gobernu Sozialistak ez zuelako horri buruzko publizitaterik egin; inortxok ere ez zuen egin” kritikatu du. “Horrela, nola liteke jendeak berena dena eskatzea?” galdetu du, eta prozesua alderantziz egin beharko zela azpimarratu du “inbentarioa egin, pertsonak lokalizatu eta zerrenda argitaratu, bakoitzak berea berreskuratzerik izan dezan”. Arrazoi horregatik, hain zuzen, “EAJ-PNV familien oroimenaz arduratzen delako, Madrilen eskatuko dugu denontzako aldi berria irekitzea, behar duten guztiek oraindik falta zaien historia zati hori berregin dezaten”.

José Moreno eta Manu Sagastibeltza gudariekin, Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidentearekin, Juan Mari Atutxa Sabino Arana Fundazioaren presidentearekin, Juan Mari Aburto Bilboko alkatearekin eta EAJ-PNVren Kongresurako eta Senaturako hainbat hautagaiekin batera, Estebanek gogora ekarri du ‘Aztarna’ eskultura jarrita dagoen lekuaren garrantzia  “eskuzabaltasun handia eman zen lekua da, gizon asko hementxe borrokatu zirelako Bilbotik erretiratzerakoan asko eta asko bizirik irten zitezen”, gogoratu du. Era berean defendatu duenez, oroimenari esker, “garena gara eta herri nortasuna dugu; bere eskubideen alde borrokatu den herria eta bide beretik segituko duena”.

Ezagutu Gure Senatariak