Prentsa Aretoa
2016/06/11
Urkulluk euskal emakume eta gizonak gonbidatu ditu EAJ-PNV bozka dezaten “nazio aniztun Estatu bat birsortzeko aukera aprobetxatzeko”
Ortuzarrek euskal hiritargoari eskatu dio euren botoekin “Rajoy eta Urkulluren arteko gobernuen desberdintasunak areagotzea”.
Andoni Ortuzar. Getxoko mitina (2016.06-11)
HITZALDIA - 2016/06/11Iñigo Urkullu. Getxoko mitina (2016-06-11)
HITZALDIA - 2016/06/11Aitor Esteban. Getxoko mitina (2016-06-11)
HITZALDIA - 2016/06/11
Argazkiak...
Espainiak (ezegonkortasun politikoa, ziurgabetasun ekonomikoa, krispazio soziala, murrizketak, kontrolik gabeko defizita, BPGaren %100etik gorako zorra, arriskutan dauden pentsioak, %20 tik gorako langabezia) eta Euskadik (erakundeen egonkortasuna, gizarte zerbitzu blindatuak, kalitatezko hezkuntza eta osasuna, aurrekontuen oreka, gastu mugatua, defizit helburuak beteta) bizi dituzten egoerak elkarren artean erabat desberdinak direla gogoan, euskal emakume eta gizonek espainiarrek ez bezala bozkatu behar dugu ekainaren 26an. Gutxienez, hala egin beharko dugu Euskadik ongizate eta oparotasun alorrean Espainia baino erritmo bizkorragoan aurrera egitea nahi badugu. Hori da Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, gaur EAJ-PNVk Erromoko Eugenia Deuna Enparantzan (Getxo) egin duen ekitaldi politikoan zabaldu duten mezua. Ekitaldi horretan ere hitz egin du Aitor Estebanek Kongresurako Bizkaiko zerrendaburu jeltzaleak.
Iñigo Urkullu Lehendakariak “Euskadiren etorkizun politikoaz” hitz egin du, baina lehenago gogoratu eta omendu nahi izan du Jose Antonio Agirre, lehen Lehendakari bihurtu baino lehen, Getxoko alkate izan zena. 2016 urtean 80 urte beteko dira bere karguaz jabetu zenetik. “Autogobernuaren agenda Madrilen egotea behar dugu”, esan du Urkulluk. “Eta Madrilen euskal indarra behar dugu Euskadi Nazio gisa aitortua izan dadin, ongizate eta oparotasunean aurrera egiten jarraitzeko. Autogobernuari eutsi behar zaio, onartzen zaizkion botereak zabalduz, europar errealitatera moldatuz. Autogobernu zabalagoa behar dugu Herri gisa hazteko, ongizatea eta bizitza kalitatea irabazteko. Hori da Euzko Alderdi Jeltzalea bozkatzeko arrazoia . Hori da Euskadiren interesen benetako defentsa”. Urkulluk salatu duenez, Rajoyren Gobernuak “ez du denbora berria ulertu, ez die Euskaditik planteatutako proposamenei erantzun” eta gobernu horrek euskal autogobernuaren kontra jaurtiki dituen erasoetako batzuk ekarri ditu gogora: “Ertzaintzaren promozio berriaren kontrako errekurtsoa, LOMCE edo Lan Erreformaren inposaketa, Enplegu Eskaintza Publikoei errekurtsoa Osasun eta Hezkuntza sailetan, kopagoaren inposaketa, Abiadura Handiko Trenean egin beharreko inbertsioen atzerapenak, Forondako 24koa itxita, konpromisorik ez industriarekin eta altzairu sektorearekin… Azken finean, Estatutua bete gabe utzi dute nahiz eta Lege bat. Horixe izan da Espainiar Gobernuak azken lau urte hauetan erakutsi duen jarrera: inposaketa eta uko ekitea, errekurtso andana Eusko Legebiltzarrean onartu diren legeen kontra. Politika esparruan, geldirik geratzea atzera egitea da. Autogobernuan, geldirik geratzea birzentralizatzea da”. Horregatik, lehendakariak euskal hiritargoa animatu du “Espainiar Gobernua baldintzatzeko aukera” baliatzera, “espainiar politika Estatu benetan nazioanitza eratzearen bidez aldatzeko aukera” aprobetxatzera. “Hauxe da autogobernuaren euskal agenda. Horregatik behar dugu indarra Madrilen. Horixe da Euzko Alderdi Jeltzalea bozkatzeko arrazoia”.
Andoni Ortuzarrek bertaratuei azaldu nahi izan die EAJ-PNV gidatu duen arrazoia ‘Lehenik Euskadi. Euskadi es lo que importa’ goiburuari ‘Eutsi Geureari. Marca la diferencia’ adierazpena eransteko. “Euskadiren zorionerako, espainiar errealitatea eta euskal errealitatea gero eta desberdinagoak dira. Gero eta askeago gaude eta zailtasunak zailtasun, egin beharreko guztia egiten dugu gizarte orekatua eta bidezkoari eusteko, kalitatezko zerbituz publikoekin eta beharrean dagoenari laguntzeko. Hori ez da Espainian gertatzen. Jakina arazoak ditugula. Ez gara iristen guk nahiko genukeen diru bilketara, enpresa batzuk egoera larrian aurkitzen dira, gazte asko eta asko dira lanposturik aurkitzen ez dutenak eta, batzuetan, aurkitzen dutena ez da oso kalitate onekoa. Gure arazoak dira. Eta gure arteko ezberdintasunik handiena da da arazo horiei aurre egiteko eta irtenbideak planteatzeko dugun modua. Espainian ez dago halakorik. Hemen bai. Hemen erakundeak ditugu, gobernu bat, aldundi batzuk, udalak, elkarrekin arazoei aurre egiten dietenak. Begiratu bestela Rajoyren gobernuaren egoerari. Zorrak muga guztiak gainditu ditu, defizita handia, ulertzen ez duten zerga politika... Ia leku guztietan dituzte arazo ekonomiko, sozial eta politikoak. ‘Berriak’, politika berriaren aitzindariak gobernatzen ari diren udaletan ere bai. Bien bitartean, hemen defizit muga errespetatzen da, aurrekontuei begiratzen zaie ez daukaguna ez gastatzeko, arazoak dituzten langileekin gaude, inbertsio berriak ekartzeko ahalegina egiten dugu. Hemen hezkuntzari, osasunari eta segurtasunari eusten zaie. Hemen behar duenari laguntza ematen zaio, langabeziari eta zailtasun ekonomikoei aurre egiteko”, azaldu du Ortuzarrek. “Horretan guztian ezberdinak bagara, gure botoarekin ere ezberdinak izan behar dugu. Euskadik beste era batetara bozkatu behar du. Desberdinak garela erakutsi behar dugu, geureari eutsi behar diogu. Herrialde ezberdinak, gizarte ezberdinak, boto ezberdina. Euskadik ezberdin bozkatu behar du. Euskadik Euskadi bozkatu behar du. Geureari eutsi behar diogu”. Jeltzaleen buruak abenduaren 20an “hautestontzian boto haserretua sartu zutenei” hitz egin nahi izan die “aukerarik estremistena bozkatu nahi izan zuten gaur egun Madrilen gobernatzen dutenen kontra protestatzeko”. “Errespetu guztiarekin”, esan die Ortuzarrek”, baina ondo pentsa dezatela. “Mesedez, ‘lau fantastikoei’ ez utzi engainatzen. Euskadiko botoekin ezin da Moncloan presidentea jarri edo kendu. Baina Euskadiko botoekin, Madrilen Euskadiren interesak defendatu ahal dira. Euskal Agenda Kongresura eta Senatura eraman daiteke. Autogobernuan aurrera egin daiteke, bakean eta adiskidetzean ere bai, krisitik aterako gaituzten enpleguak eta ekimenak jarri ahal dira martxan. Eta horretarako dago EAJ. Aukera bat dago, alternatiba bat, aukera baikorra. Gureari eutsi behar diogu, Euskadiren alde egin behar dugu. Ezberdinak garela erakusteko, geureari eusteko, EAJ bozkatzea dugu”.
Aitor Estebanek, EAJ-PNVk ekainaren 26ko hauteskundeetarako Bizkaitik aurkezten duen zerrendaburuak, bere aldetik baieztatu duenez Euskadi “ezberdin sentitzen da alderdi kulturaletik eta sozialetik, eta ‘lau magnifiko’ horietako bakar batek ere ez du hori ulertuko edo aldeztuko”. “Gure ongizatea Madriletik bultzatzen diren politika zentralistek oztopatua ez izateko dagoen aukera bakarra, Euskadi hau nazio den aldetik hazten segi dezan dagoen aukera bakarra EAJ-PNV da”, ezarri du.
Nabarmenak...
Senatua
2024/11/20
Senatua
2024/11/20
Senatua
2024/11/20
Senatua
2024/11/19
Senatua
2024/11/19
Berri ikusiagoak...
Bizkaia
2023/07/02
Senatua
2023/11/21
Senatua
2023/10/03
Senatua
2023/11/08
Senatua
2023/04/19