Prentsa Aretoa

2016/06/12

Ortuzarrek euskal hautesleria deitu du Espainiako lau alderdiei Euskadiz ahazteagatik “hautestontzietan ahaztearekin” erantzutera

EBBren presidenteak, Joseba Agirretxeak eta Maria Eugenia Iparragirrek euskal emakume eta gizonak gonbidatu dituzte E-26an Euskadi eta Espainiaren artean dauden ezberdintasunak “ezberdin bozkatuaz, EAJ-PNV bozkatuaz” azpimarratzera.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarrak, Hondarribian hitz egin du gaur Espainiako lau alderdiek Euskadi eta euskal hiritargoa ahaztu eta bertan behera utzi izanaren kontra. Lau alderdi horiek, PP, PSOE, Unidos Podemos eta Ciudadanos, Euskadiz ahaztu dira, baina ez bakarrik ekainaren 26ra begira, baizik eta abenduaren 20a baino lehenagotik ere. “Ba al dakizue zein den ahanzte horri eman ahal zaion erantzunik onena?”, galdetu die Ortuzarrei bertaretuei. “Bada, Euskadik ere beraietaz ahaztea. ‘Lau fantastiko’ez paso egitea. Beren boto orriak hautestokietako kabinetan gera daitezela eta hautestontzietara hel ez daitezela. Eman ahal zaien zigorrik handiena da euskal emakume eta gizonek beraietaz paso egitea. Baina horrek ez du ez bozkatzea esan nahi, baizik eta ezberdin bozkatzea. Euskadiz pentsatuaz bozkatzea. Gure etorkizunak eta gure orainak axola digulako, baina gure etxe barrura begiratuaz”. Ortuzarrek EAJ-PNVk Santiago kalean egin duen ekitaldi politikoa itxi du gaur Hondarribian. Ekitaldiko beste hizlariak izan dira Kongresurako eta Senaturako Gipuzkoako zerrendaburu Joseba Agirretxea eta Maria Eugenia Iparragirre, hurrenez hurren.

Ortuzarrek azpimarratu duenez, “orain arte, hauteskundeak zeudenean, Espainiako alderdietako ordezkariak hona etortzen ziren, direnak eta ez direnak agintzen zizkiguten eta, hauteskundeak igarota, ‘hor konpon Marianton’, agindutakoaz ezer ez. Orain, batzuk etorri ere ez dira egiten. Eta datozen apurrek honezkero ez dute ezer agintzen. Eguna ematen dute nork norekin edo nork noren gogoz kontra gobernatuko ote duen eztabaidatzen. Koalizioak zeintzuk izango ote diren erabakitzen. Ez dira konturatzen itunei buruz hitz egiten hasi baino lehen, herritargoari hitz egin behar zaiola. Hautesleez ahaztu dira. Eta botoak zenbatzen dituzte beraien jabegokoak izango balira bezala. Eta, jakina, hautesleez ahaztu badira, ez ote dira Euskadiz ahaztuko?”. Puntu horretan, eta atzo Getxon egin zuen bezala, Ortuzarrek euskal hiritargoa deitu du Espainiarekiko ezberdintasuna agerian uztera. Herri ezberdinak, boto ezberdinak. Eta Euskadin EAJ-PNV bozkatzea da ezberdinak garela erakusteko modurik onena. “Politika eta kanpaina bihurtu duten antzerki honetan, Espainiako alderdiek gorria nahi izan dute modan jarri. Lehenengo eta behin ‘marra gorriak’ izan ziren eta orain ‘La Roja’ren gorazarrea tokatu zaie. Bada, ez bata ez bestea. Hemen ere ezberdinak gara. Marra berdeak, bidea irekiko digutenak. Eta elastiko berdeak ere bai. ‘Onyarbi’ren koloreak bezain berdeak. Euskadiren pasioa bezain berdea. Mapa ezberdin hau bezain berdea. Itxaropenaren berdea. Euskadiren berdea. Axola digun herria. Lehenik Euskadi. Eutsi diezaiogun geureari. Bozka dezagun berde, gorri eta zuria. Bozka dezagun Euzko Alderdi Jeltzalea”.

Bestalde, Joseba Agirretxeak, Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak, Madrilen Euskadiren ordezkariak izango direnak ondo aukeratzearen garrantzia azpimarratu du berriz ere, “ez bakarrik gure aldarrikapenen ordezkariak izateko, batez ere Euskadin hartzen diren erabakiak errespeta daitezen defendatzeko”. Agirretxeak ziurtatu duenez, lan hori EAJk baino ez du bete orain arte, nahiz eta kanpainan beste batzuek bestelakorik pentsarazi nahi duten. “Guk ez dugu promesa faltsurik egiten; urte askotan egindako lanaren bermea daukagu”. Zerrendaburuak nabarmendu duenez, EAJrentzat “lehentasun bakarra Euskadi da”, eta bertokoen aldarrikapenak Espainiara eramaten jarraituko du, “nahiz eta nahiago genukeen egin beharrik ez izatea; gure buruaren jabe izanda dependentziarik ez izateko”.

Azkenik, Senaturako hautagaia den Maria Eugenia Iparragirrek alderdiaren eslogana hartu du hizpide, hauteskundeetara aurkeztu diren gainontzeko indarren aurrean diferentzia markatzera deituz. “Desberdinak gara eta harrotasunez esaten dugu. Horrela egin dugu beti. Guk ez dugu gune batean erabakitzeko eskubidea defendatzen, beste leku batean ‘delirio abertzale’ez hitz egiteko. Madrilen arrazoi batengatik egurra jaso dugun bitartean, kontrako arrazoiagatik Euskadin ere egurra eman diguten arren”. Horren harira, ezker abertzalea ere gogoratu du hitzaldian Iparragirrek. “Lehen Estatuko erakundeetara joateari muzin egiten zion eta orain, hogeita hamar urte geroago, gure bidea jarraitzen ahalegintzen dira, zertara doazen ez dakiten arren”.

Ezagutu Gure Senatariak