Prentsa Aretoa
2016/12/06
“Konstituzioaren aldarazpenak albo-gaiak ukitzen baditu baina Euskadi eta Catalunya moduko funtsezko auziak jorratu ezik, ez dezatela EAJrekin kontatu"
Aitor Estebanek eta Jokin Bildarratzek, hurrenez hurren Kongresu eta Senatuko bozeramaile jeltzaleek, gogora ekarri dute euskal herritarren gehiengo zabal batek ez duela bere burua identifikatzen “Euskadi nazio gisa aitortzen ez duen” Konstituzioarekin
-
Aitor Esteban eta Jokin Bildarratz Espainako Konstituzioaren egunean 2016/12/06
“Malguak izan gaitezke bitartekoetan edo akordioetan, baina irmoak gara gure printzipioetan. Eta, betidanik esan izan dugun moduan, guk ez dugu geure burua Konstituzio horrekin identifikatzen. Konstituzioaren aldarazpena ez dugu gaizki ikusten sen onez egiten bada, baina aldarazpen hori albo-gai batzuk ukitzeko bada baina Catalunya eta Euskadi moduko funtsezko gaiak, euskal nazio auzia eta Estatuarekin dugun harremana jorratu ezik, ez dezatela gurekin kontatu. Orain arte bezala, Konstituzio horretatik urrun egoten jarraituko dugu”.
Aitor Esteban eta Jokin Bildarratz, hurrenez huren Diputatuen Kongresuko eta Senatuko bozeramaile jeltzaleak, Sabin Etxean agertu dira gaur goizean prentsa aurrean, gaur 38 urte betetzen dituen 1978ko Espainiako Konstituzioaren aurrean EAJ-PNVk defendatzen duen planteamendua herritarrei azaltzeko. “EAJ euskal nazioan sinesten duen euskal alderdia da. Europako herririk antzinakoena gara. Albo batean eta bestean, beste estatu baten muga duen herria gara. Eta, nazio gisa aitortua izan nahi duen herria gara. Herritarren gehiengo zabalaren sentimendua da eta EAJren helburua ere bada. Bere garaian abstentzioa eskatu genuen eta une hartako euskal hautesleriaren %30k baino ez zuen Konstituzio hura babestu. Hainbat belaunaldi igaro dira eta Konstituzioa onartua izan ondoren guk adostu genuen Estatutua estatuaren lege birzentralizatzaileek eraldatu dute. Auzitegi konstituzionalak indartu duen eraldaketa, azken aldi honetan laugarren botere bihurtu delarik, hirugarren ganbara, alegia”, salatu dute Estebanek eta Bildarratzek.
“Espainiako Konstituzioa aldarazi behar ote den?” galdetu dute bozeramaile jeltzaleek. “Aldarazi behar baldin bada, Euskadin eta Catalunyan konpondu gabe dagoen lurralde auziari ekiteko egin beharko da. Hori konpontzeko eta lege horretan errealitatea jasotzeko egin beharko da, alderantziz egiten bada Konstituzioaren aldarazpenak ez lukeelako zentzu handirik izango. Izan ere, ez dezatela gurekin kontatu euskal auzia benetan aztertzeko aldarazpena egiteko ez bada. Guk uste dugu konstituzioaren aldarazpena egin daitekeela, baina Lehen Xedapen Gehigarria ere modu zabalago batez interpretatzeko modua dagoela pentsatzen dugu, forutasunaz hitz egiten duelako eta abiapuntua izan litekeelako, baina arazoa modu batean edo bestean zuzendu beharra dago. Hori da EAJren jarrera. 1978an izan zen eta gaur egun orduko berbera da. Alderantziz, hemen, talde politiko askok konstituzioaren aldarazpenaz hitz egiten dute baina ez daukate oso argi zer aldatu nahi duten. Balizko aldarazpen horrek, esparru instituzionalean egin baino lehen, aurretiko sukalde-lana behar du: egoera aztertzea, hitz egitea, aukerak ikustea eta, akordiorako aukerarik baldin badago, dinamika instituzionala irekitzea. Horrela egin ezik, batzorde bat irekitzea baina alderdi batzuek zer eta nola aldarazi behar duten definitu barik, itxurakeria hutsa litzateke. Bide txarra izango litzateke. Konstituzioaren aldarazpena ez dugu txartzat jotzen, baina taiuz egin behar da eta aldez aurretik sukalde-lana eginez”.
Kazetariek atzo Madrilen Montoro ministroak eta Azpiazu sailburuak izan zuten bileraz eta batzar horrek Estatuko Aurrekontu Orokorrei EAJ-PNVk babesa emango diola suposatzen ote duen galdetuta, Estebanek hedabideetako profesionalei eskatu die “ondorioak denbora baino lehen ez ateratzea”. “Batzuk desizozteari buruz hitz egiten ari dira, baina nik esango nieke PPrekin glaziazio aldia bizi izan dugula. Desizoztu behar dena ez da bi zentimetroko geruzatxoa, baizik eta milurtekoak daramatzan izotz geruzatzarra. Denbora beharko da. Montoro eta Azpiazuren arteko batzarra baikorra da eta keinu garrantzitsua da Euskadi eta Estatuaren arteko alde biko harremana ikusarazteko, baina hortik aurrera hitzak baino ez ditugu…. eta besterik ez. Ekonomia Itunari buruz eta Kupoari buruz hitz egiteko lantalde iraunkorra eratuko dela? Konfirmatuko ahal da!. Baina errekurtsoek hor diraute. Eta, Abiadura Handiko Trenari dagokionez, gaur egun hedabideek konpondutzat ematen duten arren, egon den gauza bakarra izan da Azpiazuk Montorori egin dion proposamena, eta azken honek “pentsatuko dut” eta “aztertuko dut” baino ez dio erantzun. Beraz, ez ditzagun denbora baino lehen ondorioak atera eta gauzak beren tokian utz ditzagun. Momentuz, hitz onak baino ez ditugu; baina konfiantza berreskuratu nahi badute, hori baino gehiago egon behar da”.
Nabarmenak...
Senatua
2024/11/20
Senatua
2024/11/20
Senatua
2024/11/20
Senatua
2024/11/19
Senatua
2024/11/19
Berri ikusiagoak...
Bizkaia
2023/07/02
Senatua
2023/11/21
Senatua
2023/10/03
Senatua
2023/11/08
Senatua
2023/04/19