Next Euskadi
Alderdi Eguna 2019

Prentsa Aretoa

2019/02/28

Xabier Arzalluz zendu da, euskal abertzaletasunaren lider historikoa, 86 urte zituela

Euzkadi Buru Batzarraren presidentea izan zen bi hamarkadatan, Euskal Herriaren askatasunen defendatzaile sutsua eta gaur gozatzen dugun Euskadi moderno eta aurreratuaren egilea

rss Ezagutzera eman
Xabier Arzalluz zendu da, euskal abertzaletasunaren lider historikoa, 86 urte zituela

ARGAZKIA JAITSI

Xabier Arzalluz Antia, euskal abertzaletasunaren lider historikoa eta Euzkadi Buru Batzarraren presidentea bi hamarkadatan, bi alditan, zendu da 2019ko otsailaren 28an, 86 urte zituela, bere etxean, Bizkaiko Galdakaoko herrian. Bere betiereko atsedenagatiko elizkizuna martxoak 2an izan zen, Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundearen Parrokian. Arzalluzen heriotzak samin sakona eragin die EAJ-PNVren familia osatzen duten emakume eta gizonei. Heriotza ezagutu bezain laster, zuzendari jeltzale nagusiek bere nahigaberik handiena adierazi dute, Euskadin, abertzaletasunaren erreferente eztabaidaezin eta errepikaezina izan denaren galeragatik. 

Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzarrek bere samina adierazi du Xabier Arzalluzen heriotzagatik: “guztia izan da Euskadin eta guztia izan da Euzko Alderdi Jeltzalean. Erreferente profesionala izan da jurista modura, politikari handia, eta batez ere, abertzale erraldoia. Gaur ezagutzen eta disfrutatzen dugun Euskadi moderno eta aurreratu hau eraiki zuen belaunaldikoa zen”. Ortuzarren ustez, “Arzalluzi, eta berarekin batera, Euskadi hau eraiki zuten haiei guztiei egin ahal diegun omenaldirik onena eraikitzen jarraitzea da eta gure herriaren askatasunerantzako bidean aurrera egiten joan; horren alde borrokatu zen, beti, Xabier Arzalluz, hemen bertan ere bai, Madrilen”. Arzalluzen heriotzak ezustean hartu du Ortuzar, Estatuko hiriburuan, bertan, topaketa aurreikusita baitzeukan hiriko alderdikideekin.  EBBren presidenteak “bere familia osoari gure besarkadarik beroena eta doluminik sakonena” helarazi nahi izan dizkio. “Euzko Alderdi Jeltzalearen familia politikoa lutoan dago”.

Iñigo Urkullu Lehendakariak, halaber, saminez, honako hau adierazi du: “pertsona handi batek utzi gaitu, langilea, militantea, betiere Euskadiren defentsan. Adimen argia, itzelezko nortasuna, eta Euskal Herriaren kausaren alde gorputz eta arima eman zituena. Abertzale, militante eta burukide eredugarria gure belaunaldi osoarentzat. Euskadirengatik sentitzen zuen pasioa, eta gure herriaren aberri eta gizarte eraikuntzaren aldeko irmotasuna utzi dizkigu”.

Juan José Ibarretxe Lehendakariak Arzalluz zekarren gogora, sare sozialetan, bien arteko besarkada handia erakusten duen argazki batekin. Argazki oinean zera irakur zitekeen: “itzal handiko gizona… Xabier, Agur eta Ohore!”.

Xabier Arzalluz Antia Azkoitian jaio zen, 1932ko abuztuaren 24an. Familiako zazpigarren eta azken semea izan zen. Bere beste anaiek bezala, eliza-ikasketak hasi zituen. 10 urterekin, Durangoko seminarioan sartu zen, eta ondoren, Jesusen Konpainiaren Xabierrekoan. Irakurtzale amorratua, 1956an, Zaragozako jesuiten Jesús María El Salvador ikastetxean hasi zen Lengoaia irakasle. Zaragozako Unibertsitatean, Zuzenbide, Filosofia eta Letretan lizentziatu zen, eta bere prestakuntzarekin jarraitu zuen Frankfurt eta Berlingo unibertsitateetan. Bertan, Zuzenbide Politikoan espezializatu zen.

1967an, Jesusen Konpainia utzi, eta Madriletik, Bilbora joan zen. Abokatua izan zen eta Zuzenbide klaseak eman zituen, hamar urtez, Sarrikoko Ekonomia Fakultatean eta Deustuko Zuzenbidekoan. Bilbora itzuli zenean, EAJ-PNVn militatzen hasi zen, eta hiru urte beranduago, klandestinitatean, alderdi jeltzalearen zuzendaritzatako kide izan zen, bai Bizkai Buru Batzarrean, baita Euzkadi Buru Batzarrean ere. Franco hil ostean, eta Trantsizioaren hasierarekin, Arzalluzek okupatu egin zuen bere karrera osoan izan zuen kargu publiko bakarra –harro esaten zuen-: EAJ-PNVren diputatu eta bozeramailea Kongresuan, Gipuzkoako Lurraldearen ordezkari, legegintzaldi konstituziogilean (1977-1979). Berak esaten zuen ez zela Gobernuko gizona. “Ni alderdikoa naiz”. Bere diputatu postutik, testu konstituziogilea negoziatu zuenetarikoa izan zen, EAJ-PNV, azkenean, ponentziatik kanpo geratu bazen ere. 1979an onetsi zen Estatutuaren testuaren erredakzioan ere parte hartu zuen.

1980ko apirilaren 10ean, EAJ-PNVren EBBren presidentetzan, Carlos Garaikoetxea ordezkatu zuen, hura lehendakarigai izendatua izan baitzen. EBBren presidente izan zen bi urteko bi agintalditan zehar, eta bigarrena bukatu ondoren, 1984ko maiatzaren 16an, Gipuzko Buru Batzarreko presidente Román Sodupek ordezkatu zuen. Arzalluz EBBren presidente aukeratu zuten, berriz ere, 1986ko otsailaren 19an. 1987ko uztailaren hasieran, EAJ-PNVk bere lehen biltzarra antolatu zuen hamar urtean, eta bertan, bere presidentetza berretsia izan zen bozen bitartez; erakundea erreformatzeko beharra ere bozkatu zen. Alderdia, horrela, bere zuzendaritza berritzen hasten da, eta Arzalluz buru izanik, 1988an bukatzen da erakundearen eta estatutuen berrikuntzarekin. Urte hartako Batzarrean eman zuen hitzaldia ere nabarmengarria da, “Arriagako izpiritua” izenaz ezaguna dena, zeinetan euskal gizartearen aniztasuna onartzen den. 1988an ere, Ajuria Eneako Hitzarmenaren sinatzaileetako bat izan zen.

Urte hartan bertan, Espainiako Estatuko presidenteekin, Felipe Gonzálezekin lehenengo eta José María Aznarrekin ondoren, negoziatu egin zuen. Eusko Jaurlaritza PSErekin osatzeko negoziaketetan ere parte hartu zuen, Txiki Benegas izanik bere ohiko solaskidea. CiUrekin ere harremanak izan zituen eta akordioak lortu zituen alderdi erregionalistekin koalizioan aurkezteko Europako hauteskundeetara. 2003ko bukaeran, Bilboko ekitaldi batean, baieztatu egiten du kargua utziko duela zuzendaritza berria aukeratzerakoan, 2004ko urtarrilean, eta bere ibilbide politikoa ere bukatutzat ematen duela. Josu Jon Imazek ordezkatzen du EBBren buruan.

Adierazpen biribileko gizona, Estatuko politikagintzan, eragiteko gaitasun handia onartu zaio, nahitaezko erreferentzia “euskal gaietarako”. Euskadin, politikari askoren benetako erreferente eta iturri izan dela esatea baino ez dago. Ez zaitugu inoiz ahaztuko Xabier. Egun handira arte!

Next Euskadi
  • Jokin Bildarratz

    Jokin Bildarratz

    Senatuko Euzko Legebiltzar Taldearen bozeramailea

    SARTU

  • Nerea Ahedo

    Nerea Ahedo

    Senatuko Euzko Legebiltzar Taldea

    SARTU

  • Mª Dolores Etxano

    Mª Dolores Etxano

    Senatuko Euzko Legebiltzar Taldea

    SARTU