Next Euskadi

Prentsa Aretoa

2024/07/17

María Dolores Etxanok Alderdi Popularrak Senatuan "hustu aurreko" Parekidetasun Legea defendatu du

Kongresuan onartutako testuari Euskal Taldeak emandako babesa berretsi du, eta "ekintza positiboko neurrien beharra" azpimarratu du, "espazio publikoan emakumeen eta gizonen artean dagoen desoreka erabat zuzentzeko, eta emakumeen benetako berdintasun eraginkorra bermatzeko"

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

EAJ-PNVk Alderdi Popularrak Senatuan "hustu aurreko" Parekidetasun Legea defendatu du Goi Ganberan. Emakumeen eta Gizonen Ordezkaritza Parekidearen eta Ordezkaritza Orekatuaren Lege Proiektuaren eztabaidan Maria Dolores Etxano senatariak azaldu duenez, Euskal Taldea bat dator legearen ideia nagusiarekin, izan ere "ekintza positiboko neurriak beharrezkoak dira oraindik ere, espazio publikoan emakumeen eta gizonen artean dagoen desoreka erabat zuzentzeko, eta emakumeen benetako berdintasun eraginkorra bermatzeko".

Senatari jeltzaleak Emakumeen eta Gizonen Ordezkaritza Parekidearen eta Ordezkaritza Orekatuaren Lege Organikoaren Proiektuaren edukia balioan jarri du, baita Kongresuko tramitean talde politiko ezberdinen artean lortutako akordioa ere. "Legeak hauteskunde-zerrendetan, Auzitegi Konstituzionalean, Estatu Kontseiluan, Kontuen Auzitegian, Botere Judizialean, Gobernuan, sektore publikoan edo kotizatutako sozietateetan, Kapital Sozietateen Legean, fundazioetan, sindikatuetan, alderdi politikoetan eta, gure gogoz kontra, elkargo profesionaletan emakumeen ordezkaritza paritarioa izateko neurriak jasotzen ditu", zehaztu du Etxanok, testuan elkargo profesionalen arloan eta tituludun lanbideetan aritzearen arloan Gernikako Estatutuak Euskadiri ematen dion eskumen esklusiboa aitortzeko EAJ-PNVren zuzenketa onartu ez delako. "Armadan motz geratu da; badirudi espazio honek berdintasunari galarazita jarraitzen duela", gaineratu du.

Etxano pozik agertu da legeak Euskadin ezarritako sistema errespetatzen duelako Euskal Hauteskunde Legearekin, emakumeen parte hartzea %50era ez mugatzea ahalbidetzen duelako, honenbestez Eusko Legebiltzarrean ehuneko horretatik gorako presentzia izatera ere iritsi delarik. "Ez diogu inori gure hauteskunde sistema inposatu nahi, eta ez dugu gurea ez den sistema bat guri inposatzea nahi, eta, aldi berean, ez ditugu oztopatu nahi kremailera zerrenden sistemarekin parekotasuna bermatzen dela uste eta nahi dutenak", adierazi du.

Horren harira, harridura agertu du Alderdi Popularrak EAEko Hauteskunde Legearen kuotak defendatu dituelako, "funtzionatu duen bakarra" hori izan dela esanez; izan ere, PPk berak 2005eko Berdintasunerako Euskal Legearen aurkako helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Konstituzionalean, hain zuzen ere kuota horiek ezartzen zituen Euskal Hauteskunde Legearen aldaketa jasotzen zuen legea. "Berandu iritsi zaretela iruditzen zaigu, 20 urte berandu, eta, gainera, nekez, Parekidetasun Legea lege neutroa bihurtu duzuela diozuelako, bi sexuen presentzia orekatuagoa bilatuz, zein zehaztu gabe". Zentzugabekeria da; hori ez da EAJ-PNVren posizioa. Guk defendatzen jarraitzen dugu ekintza positiboko neurriak beharrezkoak direla desoreka erabat zuzentzeko eta emakumeen benetako berdintasun eraginkorra bermatzeko ", azpimarratu du.

Next Euskadi
Ezagutu Gure Senatariak