Prentsa Aretoa

2024/07/31

EAJ-PNV abstenitu egin da Senatuan Botere Judizialaren Legearen eta Fiskaltzaren Estatutu Organikoaren erreforman

Estefanía Beltrán de Herediak adierazi du ukitu txiki bat baino ez dela, baina ez diola heltzen BJKNk duen arazoaren muinari

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Senatuko Euskal Talde Parlamentarioa abstenitu egin da gaur Botere Judizialaren Lege Organikoa eta Ministerio Fiskalaren Estatutu Organikoa aldatzeko bozketan. Estefania Beltran de Heredia bozeramaile jeltzaleak adierazi duenez, "aukera handi bat galdu da edo, agian, borondate falta egon da sakonean sartzeko eta BJKNk dakarren arazoari sakontasun eta zabaltasun osoan heltzeko", eta salatu du akordioak, "PPk eta PSOEk bakarrik egin eta adostu dutena, beste talde batzuen edozein ekarpenetarako itxia, interes bakarra organo judizialen kontrol politikoari eustea" duela.

Beltran de Herediak esan duenez, PPk Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia berritzeari ezarritako blokeoa, "botere-banaketaren defentsaren eta despolitizazioa bermatzeko hautapen-sistemaren beharrezko erreformaren inguruko diatriba faltsuekin", politikoki antzekoak diren pertsonak banatzea eta kokatzea zuen helburutzat, gobernu-kargu judizialei eta Gorenari egin behar dizkien izendapenetan eragiteko, hauek ideologikoki gertukoak diren pertsonei emateko, alderdi baten edo bestearen erabakiak bermatzeko asmoz. "Funtsezko arazoa izendapenen eskuduntzetan datza; hori da alderdi politikoen eta elkarte judizialen benetako interesa, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia hartzeko eta tentakuluak auzitegietako, justizia-auzitegi nagusietako eta organo horietako eta Auzitegi Goreneko dagozkien aretoetako lehendakaritzetara zabaltzeko. Kontseilua despolitizatu nahi duen edozein erreformak eginkizun hori kendu behar dio, eta, zergatik ez, eremu bakoitzeko epaile eta magistratuei egotzi behar die gobernu-kargu judizialen eta gorenen hautaketa ".

Bozeramaile jeltzaleak adierazi duenez, PPk eta PSOEk adostutako erreforma irudi ukitu txiki bat baino ez da, denak berdin jarrai dezan, eta "horrek ez du balioko inpartzialak ez diren erabaki eta jarduerekin landu diren narriadura eta izen txarra konpontzeko, ezta justiziaren politizazioari buruzko pertzepzio soziala aldatzeko ere". Era berean, ohartarazi du erreforma horrek Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari egiten dion mandatua, sei hilabeteren buruan txosten konparatu bat egiteko eta kideen 3/5ek hautaketa-sistema aldatzeko proposamena aurkezteko, ondoren alderdiek Gorte Nagusietara eraman dezaten, "aurrera jarraitzeko ostikada bat baino ez da".

 

Ezagutu Gure Senatariak