Prentsa Aretoa

2024/10/22

Espainiako Estatuak ez duela asilo-eskubidea bermatzen aurpegiratu dio EAJ-PNVk Grande-Marlaskari

Migratzaileentzat nazioarteko babesa eskatzeko lehen hitzordua lortzea "ezinezkoa" bihurtzen dela esan dio Nerea Ahedok Barne ministroari

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Nerea Ahedo EAJ-PNVko senatariak Espainiako Estatuan asilo eskubidea ez dagoela "bermatuta" aurpegiratu dio Barne ministroari. Gaur Senatuan egin den Gobernuaren kontrol saioan, Ahedok migratzaileek nazioarteko babesa eskatzeko eta errefuxiatuen estatutua lortzeko lehen hitzordua lortzeko dituzten zailtasunetan zentratu du bere kritikatu. "Ezinezko misioa da", ziurtatu du.

Espainiako Gobernuak asteburuan iragarri duen atzerritartasun araudiaren erreformari itxura ona hartzen diola aurreratu du Ahedok -"arretaz irakurri beharko da", ohartarazi du-, "prentsaren arabera, izapideak sinplifikatzeko, epeak murrizteko eta erregularizatzeko bideak irekiko” dituena. Baina, bere kezka agertu du lehen urratsean ematen ari diren gabeziengatik, izan ere, "atzerapenak, asteak eta hilabeteak luzatzen ari dira", pertsona migratzaile asko "etsipenera eta antsietatera helduz eta euren ahaleginean atzera eginez" gainezka egin duen harrera sisteman sartzeko ezintasunaren aurrean.

Egoera horren adibide gisa, EAJ-PNVko senatariak esan du Gipuzkoan astelehen arratsaldean irekitzen dela astero ematen diren 40 hitzorduak eskatzeko aukera, "baina telefonoa kolapsatu egiten da eta ezinezkoa da online hitzordu bat eskatzea. Dagoeneko ez dago ilararik kalean, orain ilarak ikusezinak dira”. Ahedok gaineratu du, errealitate horren aurrean merkatu irregularra sortzen ari dela hitzorduen salerosketarekin, "zoritxarrez, anekdotikoa ez dena".

Euskal Talde Parlamentarioko ordezkariaren arabera, arazo hau gehitzen da Espainiako Estatuak asilo-eskaerei ematen dizkien baiezko erantzunen tasa baxuari, "Europako Batasuneko murriztaileena, %12arekin"; eta eskatzaileen %58 ebazpenaren zain dago. "Ez dakit traba administratibo edo burokratiko gehiegi dagoen, baliabide falta... espero dut borondate politiko falta ez izatea, baina bizkortasun handiagoa ikusi genuen, eta horrekin ados gaude, Ukrainatik zetozen pertsonen kasuan, eta orain Venezuelatik datozenekin", esan du. Gainera, Ahedok "lasaitua" hartu duela esan du "Gobernua Melonik defendatzen dituen aberriratze zentroen aurka dagoela jakitean".

Ezagutu Gure Senatariak